ALBISTEAK

JASO GABONETAKO AZOKAKO ALBISTEAK

Hemen, 2020-2021 Gabonetako Azokari buruzko albisteak, ordutegiak, programak eta ikuskizunak aurkituko dituzu. 

Datorren irailaren 15era arteko epea ezarri du Donostia Sustapenak Gabonetako 38 etxola edo 4 “food truck”-etako bat lortzeko eskaera aurkezteko. Frantzia pasealekuan eta Urumea plazan jarriko dira etxolak, Santa Katalina eta Maria Kristina zubien artean. Interesa duten bertako negozioek edo eskaintza bereziren bat duten atzerriko negozioek online bete dezakete eskaera, www.donostiagabonetakoazoka.eus webgunearen bidez.

Ekonomiaren Sustapeneko Enrique Ramos zinegotziak adierazi zuenez, “garai zail hauetan, Ekonomiaren Sustapeneko udal-arloak helburu bikoitza ezarri du: hiriko ekonomia berraktibatzea eta herritarrak animatzea, hainbat ekimenen bidez. Gabonetako Azokan, tokiko merkataritzari eta ostalaritzari −Covid-19aren krisiak gehien erasandako sektoreetako aukera berriak ematen dizkiogu bere produktuak merkaturatzeko, eta bizipoza transmititzen duen gabon-giroa lortzen dugu. Donostia sustatzea, bisitariak erakartzea eta bertako ekonomia aktibatzea da helburua, beti ere, kutsatzeak ekiditeko beharrezkoak diren neurriak hartuz”.

Beste behin ere, Donostia Sustapenak Donostiako Gabonetako Azoka jarriko du martxan; aurtengoan, helburu bikoitza izango du: Donostiako merkataritza eta ostalaritzari ekonomikoki suspertzen laguntzea eta, bizi izandako hilabete zailen ondoren, herritarren artean ilusioa sortzen laguntzea. Testuinguru horretan, Donostia Sustapenak ahalegina egin nahi du Gabonetako Azoka sustatzeko, eta, hala, pandemiak gehien zigortutako sektoreetako batzuei negozio-aukera bat emateko. Horrez gainera, Donostia Sustapena lanean ari da hiria sustatzeko, bisitariak erakartzeko eta bertako ekonomia aktibatzeko gai izango diren proiektu berritzaileak biltzen dituen agenda bat osatzen.

Gabonetako Azokan, era honetako produktuak saltzen dira:

  • Gabonetako produktu gastronomikoak, gozokiak, gozogintzako produktuak, gastronomia, aukerako kontserbak, fruitu lehorrak eta bestelako elikagaiak.

  • Opariak, apaingarriak, lorezaintzako produktuak, “brocante”, bitxiak, zeramika, moda eta pintura.

  • Gabonetako apaingarriak, jaiotzak eta horien osagaiak, gabonetako loreak, zurezko jostailuak, etab.

2020ko azaroaren 28tik 2021eko urtarrilaren 6ra arte egongo dira irekita etxolak eta “food-truck”-ak, abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6ean izan ezik. Egun horietan, itxita egon ahal izango dute, baldin eta emakidadunek hala nahi badute. Irekitzeko ordutegia 11:00ak eta 21:00ak artekoa izango da. Bestalde, oinarrietan zehazten dira etxolek nahitaez irekita egon behar duten orduak.

Donostia Sustapenak etxolen % 50 baino gehiagoren alokairua ordaintzeko laguntza ematen du. Hala, hautatutako erakustokiek 1.290 euro arteko kopurua ordaindu beharko dute (BEZ barne) etxola txikiengatik eta denboraldi osorako, eta 2.420 euro (BEZ barne) etxola handiengatik eta “food-truck”-engatik, kasu horretan ere denboraldi osorako. Hamabostaldika alokatzeko aukera ere eskaintzen da.