ALBISTEAK

JASO GABONETAKO AZOKAKO ALBISTEAK

Hemen, 2020-2021 Gabonetako Azokari buruzko albisteak, ordutegiak, programak eta ikuskizunak aurkituko dituzu. 

 

  • Hiriak 2,08 milioi euroko inpaktu ekonomikoa izan du.
  • 80.000 pertsona igo dira Alderdi Ederrean kokatutako noriara.
  • Gabonetako Azokari esker, 336 lanpostu sortu dira.

Urtarrilaren 6an itxi zituen ateak Donostiako Gabonetako Azokak, eta bertara inguratutako jende-kopuruari dagokionez, asistentzia oso gogobetekoa izan da. Gabonetako Azokara guztira 426.000 bisitari hurbildu dira Urumea pasealekuan irekita egon den bost astetan zehar; beraz, kopurua %31 gehitu da. Aurtengo atrakzio nagusia Alderdi Ederrean kokatutako noria izan da, eta guztira 79.000 bidaia erregistratu dira urtarrilaren seira bitarte; hala ere, kopuru hori gehitu egingo da noria otsailaren 10era bitarte egongo delako.

Ernesto Gasco alkateordeak ondorengoa adierazi zuen: “Gabonetako Azokak, berrikuntza-zama osoarekin, bidea ireki du gure hiriari ospea eta aitorpena ematen dioten ekitaldi ezberdinen urteko programazioan, Donostiako herritarren eta bisitarien artean oso ondo hartua izan baita eta baita ere, alderdi ekonomikoari erreparatuta, hiriarentzat inpaktu garrantzitsua ekartzeagatik. Gainera, bizipen handi horretan, Donostia egun horietan Gabonetako izpirituz betetzea lortu dugu”.

Beste urte batez, Donostiako Sustapenak, Alkateordetzaren ekimenen esparruan, Europako herrialdeetan hain sustraitua dagoen Gabonetako Merkatuaren kultura sustatu du. Gabonetako Azoka, jada erreferentzia bilakatzen hasi dena, aurten Donostiako erdigune osoan zehar zabaldu da, ekimen, espazio eta jarduera ezberdinez osatutako ibilbidearen bitartez. Horrez gain, osagai berritzailea nabarmendu du beste behin; izan ere, Cervantes Plazako Bolari eta Urumearen gaineko kubo argiztatuei, EHU/UPVko ikasleek diseinaturiko beste elementu batzuk gehitu zaizkie, besteak beste: Santa Katalina zubiko argizko arkuak, San Martin Merkatuaren argiztapena, aurora boreal argitsuarekin, edo Urbieta kalean Kontxako barandaren formako argiztapena.

Aurten, hiriko erdigune osoan zehar ibilbide bat sortze aldera, 80 kaletan jarri dira argiak, Gabonetako motibo ezberdinekin. Gabonetako Merkatuaren eta Gabonetako argiztapenaren kostu osoa 790.000 €-koa izan da, eta zenbateko horretatik 483.000 € babesle ezberdinek jarri dituzte; beraz, Udaleko diru-kutxarako kostua 307.000 €-koa izan da. Horrez gain, Gabonetako Azokak sortutako zenbateko ekonomikoak positiboak izan dira, 1,35 milioi euro fakturatu baitira eta hirian 2,08 milioi euroko inpaktu ekonomikoa izan baita.

Gabonetako Azokak, aurten ere, pertsonak detektatzeko sistema bat izan du, puntu ezberdinetan pertsonen zenbaketa eta traking-erako hargailuekin. Modu horretan, jende-kopuruaren inguruko datu hauek bildu dira merkatua irekita zegoen orduetan; hots, 11:00etatik 21:00etara:

  • Alderdi Ederreko (Noria ingurunea) jende-kopurua, guztira: 514.463 pertsona.
  • Urumea pasealekuko etxoletako jende-kopurua, guztira: 426.040 pertsona.
  • Maria Kristina zubiko jende-kopurua, guztira: 275.205 pertsona.
  • Santa Katalina zubiko jende-kopurua, guztira: 152.818 pertsona.
  • Artzain Oneko etxoletako jende-kopurua, guztira: 133.671 pertsona.
  • Katedraleko Artisautza-merkatuko jende-kopurua, guztira: 73.387 pertsona.
  • Frantzia pasealekuko karpako bisitariak: 8.482 pertsona.

Urumea pasealekuko merkatuan jende-kopuru gehien honako egun hauetan bildu da, ordenaren arabera: abenduaren 8an, 24.600 pertsona; abenduaren 6an, ia 20.500 lagun; abenduaren 23an, 19.000 lagun; abenduaren 30ean, 18.300 lagun; eta abenduaren 2an, 17.000 pertsona.

Eskema antzekoa da Alderdi Ederrean, noria inguruan, bisitari-kopuru handiena abenduaren 6an eta 8an izan baita; ondorioz, horrek esan nahi du abenduko zubian bildu dela jende-kopuru handiena Gabonetako Merkatuan. Aurten, 49 postuk hartu dute parte Gabonetako Azokan, produktuen eta food trucks-en etxolen artean, Urumea pasealekuan nahiz Artzain Onean. Postu horien lan-eskaria betetzeko, 336 pertsona enplegatu behar izan dira.

Aurtengo Gabonetako Merkatuko protagonista nagusia Alderdi Ederrean jarritako noria izan da, 50 metroko diametrokoa. Kolorea eta mugimendua emateaz gain, erabateko arrakasta izan da, egunero batez beste 2.257 pertsona ibili baitira; hau da, guztira 79.000 bidaia abenduaren 1etik urtarrilaren 6ra bitarte. Gainera, noria abian izango da otsailaren 10era bitarte.

Dena den, donostiarren eta bisitarien artean gogoko gertatu diren beste atrakzio batzuk ere egon dira; hala nola, Santa Katalina plazan jarritako izei tiobiboa, 21.000 bidaiarekin, edota Urumea pasealekuko doako lera-pista, 18.000 erabiltzailerekin, edo foto call gisa jarritako bola, 6.000 lagunek erabili baitute Bizarzurirekin argazkia ateratzeko.